Capoeira

Capoeira

Posted by admin

Esklaboek sortu zuten borroka-artea da Capoeira. Dantza, musika eta mugimendu akrobatikoak biltzen dituena. Indarra, oreka, bizkortasuna eta edertasuna. Capoeira.

Capoeiraren helburua ez da bestea garaitu edo suntsitzea. Capoeiran jolasa eratu nahi da, bi pertsonen arteko elkarrizketa erritmikoa. 

HISTORIA PIXKA BAT

XVI. mendean portugesek esklabo asko eraman zituzten Brasilera azukre-plantazioetan lan egitera; horietako gehienak afrikarrak ziren. Esklaboek askatasuna adierazteko beharra zutenez, erantzun gisa agertu ziren lehen Capoeira zantzuak, hain justu esklaboak bizi ziren etxoletan, Senzala zeritzenetan. Jardun hori dantza bailitzan kamuflatzen zuten, lur-jabeek debeka ez zezaten; horixe dio bertsio errespetatuenetako batek.

Abolizioarekin batera, hau da, esklabotza amaitu zenean, lehen esklabo zirenak hirietara joan ziren bizitzari berriro ekiteko asmotan. Alabaina, gizartean ez zituzten onartzen, eta askok delinkuentziara jo zuten, eta Capoeira erabili zuten beren ekintzak betetzeko. Hori zela-eta, Capoeira gaizki ikusia izaten hasi zen, eta poliziak debekatu ere egin zuen.

MESTRE BIMBA

Mestreb Bimba

Mestre Bimba

Asiatik eratorritako borroka-arteak indarra hartzen ari zirela ikusita, eta betiere Capoeirak zuen ospe txarraren jakitun,  Manuel Dos Reis Machadok Mestre Bimba beste Capoeira-estilo bat eratu zuen, Capoeira Regional izenekoa.

Capoeira Angola tradizionala eta Batuquea batu zituen, azken hori aitak erakutsi zion borroka mota da. Hala, bada, Capoeira jolasteko, ikasteko eta egiteko beste modu bat asmatu zuen. Estilo horren oinarria alderdi atletikoa da, eta ez Capoeira Angolak nagusiki erabiltzen duen gaiztakeria.

MESTRE PASTINHA

Metre Pastinha

Mestre Pastinha

1942an, Mestre Pastinha Capoeira Angolako lehen akademia sortu zuten Salvador de Bahian, “Centro Esportivo de Capoeira Angola” izenekoa. Capoeira Angola egiten duten talde gehienek Mestre Pastinharen pausoak jarraitzen dituzte.

Mestre Bimba eta Mestre Pastinha oraindik orain Capoeirako izenik garrantzitsuenak dira. Capoeira Regionalarena bata, eta Capoeira de Angolarena bestea, hurrenez hurren.

(Capoeirari buruzko informazio gehiago Wikipedian)